Estatutuen 3. artikulua
....
Edonoren esku daude Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan fundazioaren helburu nagusiak deskribatzen dituen estatutuak. Laburbilduz, Irukurutzeta Fundazioaren xedea Karakateko, Kortazarreko, Irukurutzetako eta Agarreburuko natura eta historia-intereseko gunea berreskuratzea, mantentzea eta gizarteratzea da. Jarduera garatzeko lurralde-eremu nagusiak Gipuzkoan kokatzen diren Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak hartzen ditu. Helburu hauek betetzeko asmoz, honako jarduera zehatzak egingo ditu fundazioak:
Karakate eta Irukurutzeta arteko naturagunean dagoen mendia eskuratzea, berreskuratzea eta mantentzea, zuhaitzak dituen larre bihurtuz.
Urteetan zehar fundatzaileek eskuratutako landa-lursail eremu zabala jaso zuen Irukurutzeta Fundazioak hasierako zuzkidura edo dotazioan. Hauei gehitu nahi zaizkien eremu berriak daude, batzuetan jabeak etortzen dira lursailak eskeintzera, eta besteetan, Fundazioak berak jotzen du jabeengana, beti ere naturaguneko eremu hauek berreskuratu asmoz, zuhaitzak dituen larre bihurtzea den gure helburuarekin bat eginda. Ondorioz, orainarte berreskuratu diren eremuak mantentzen ditu Irukurutzeta Fundazioak. Urtean zehar hiru garbiketa aldi egin ohi izan dira fundazioko landa-lursailetan, sasiak, argoma,… etab. kendu eta mendia garbi mantentzeko. Lehenengo epea apirila eta maiatza bitartean izan ohi da, bigarrena uztaila eta abuztua bitartean eta azkena urritik abendura.
Bertako zuhaitzak berreskuratu eta mantendu
Basoak modu jasangarrian kudeatzeko asmoz, neguan bertako zuhaitz berriak landatzen dira. Honela, bertakoak diren pagoa, haritza, lizarra, artea, etab. berreskuratu eta mantentzen ditu Irukurutzeta Fundazioak.
Bertako fauna eskuratu, berreskuratu eta mantendu
Landa-lursail zabalez gain, hasierako zuzkiduran pottokak eta Euskal Herriko mendiko zaldiak eskuratu ditu Fundazioak. Beraz, Euskal Herri bertako animalia hauen zaintza eta elikaduraz arduratzen da, batez ere urritik martxoaren erdialdera arte luzatzen den negu giro garaian. Gainera, animalientzako babestutako espazioa kontserbatzeko perimetro estaken konponketa egin beharra izaten da urtez-urte.
Era berean, berreskuratuko naturgunea abeltzaintza estensiborako aprobetxatzea da gure nahia. Honela, inguruko baserritar eta abeltzainek ateak irekita dituzte beraien animaliak udaberri edo uda garaian Irukurutzeta Fundazioaren larretara ekartzeko.
Naturaguneko flora, fauna eta interes historikoa gizarteratzea eta sustatzea
Irukurutzeta Fundazioa Bergarako Osintxu auzoko Ecenarro anaiek bereziki Euskal Herriko mendi guneei, faunari, florari eta historia berari dioten maitasunetik sortu da, eta Fundazioaren helburu bilakatu dute maitasun hori gizarteratzea eta sustatzea, izan ere, fundazio bihurtzearen arrazoi nagusiena horixe da, bereak dituen landa-lursailetan egindako ekimenak etorkizunerako babestu edonor onuradun izan dadin.
Fundazioarenak diren eremu hauetan balio handiko interes historikoa biltzen da. Batetik, Erromatar kanpaleku izandako aztarnak aurki daitezke, baita 1936ko Gudako lubakiak ere. Bestetik, hogeibat trikuharri daude (gorpuak ehorzteko eraturiko monumentu megalitikoak) eta bertaratzen den edonor txunditzen duen Arribiribiletako zutarria (menhir).





